HIZPIDEAK. Pello Urzelai
Kritika politikoa
Zentzumena nagusitzeko garaiak heldu direla dirudi, baina batzuei alderantziz gertatzen zaiela dirudi. Duela egun batzuk, Guardia Zibilak berriro presoen argazkien auziaren hautsa harrotzeari ekin zion, 2009ko Korrikan Iruñerrian agertu ziren argazkiei buruz galdeketak eginez. Orain arte, Auzitegi Nazionala bera ebazten ari da argazkiak erakustean ez dagoela terrorismoa goratzeko deliturik. Azken epaia atzo bertan iritsi zen, Zurgai elkarteko zerbitzaria eta arduraduna absolbituz. Epaia argia da: «Jokabideen intentzioa espetxe politiken salaketa zen. Kritika politikoaren klabe horretan ulertu behar da hemen juzgatutako portaera». Epaiak badu beste gogoeta interesgarri bat: argazkien kontuan eremu juridikoa aldatu gabe tolerantziatik debekura pasatu dela: «Tolerantziak jazarpenari utzi dio tokia». Irizpide politikoen arabera, gehitu liteke. Argazkien auzian errugabetzat jotako bat, Izaskun Goñi, baina, atxilotuta eta inkomunikatuta dago, Segirekin lotura izatea egotzita. Noiz aitortuko diote bere jardunaren izaera politikoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu