Jon Juaristik zer egiten duen Euskararen Aholku Batzordean, galdera bueltaka dabil bertako kide egingo zutela zabaldu zenetik. Eta Juaristi bera da zalaparta horrekin guztiarekin ondoena ari dena pasatzen; aitzakia gutxi behar du behintzat polemika elikatzeko. ABC egunkariko iritzi artikuluan, igandean, ez du alferrik aipatzen Savaterren azken ateraldia, terrorismoarekin lehertu egin dela, berak ere olgetan serio egiten badakiela erakusten saiatzeko.
Eusquera ez dela bere hizkuntza, eta haren etorkizunak bost axola diola: Juaristik duela lau urte botatakoa berretsi du. Horrek ez duela euskararekiko etsaitasunik adierazten arrazoitu, eta Alcobendasen ordua galdetzeko ere ez duela balio erantsi du. Aholku batzordeko kargua onartu bazuen, Patxi Lopez lehendakariari itsusikeria ez egiteagatik izan zela azaldu du; eta, batez ere, «zirikatzea» atsegin duelako. Baina euskaratik inoiz ez duela sosik jaso nabarmendu behar horrek, Lopezek euskara eta terrorismoa lotu zituenekoaren akats bera dauka. Juaristiri espainolak zerbait eman ote dion, bost.
Hizpideak
Sartu zuenak atera dezala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu