Ingelesak dira turismoaren sortzaileak, mundua laket aisiatsuan ezagutu daitekeela asmatu zutenak. Bidaiak antolatzen hasi ziren, eta joandako tokietan etxean bezain lasai egon nahirik, beren gustuko hotel-sareak sortu zituzten. Italia zen hasierako bidaiari haien destino nagusia, inglese eta turista sinonimoak ziren italiarrentzat, eta turismoa hedatzen joan ahala, beste lurraldeetako jendea ere animatzen zenean, denak ziren ingelesak. Bioy Casares idazleak hitzok jartzen ditu ostalari baten ahotan: «Inglesi horiek auskalo errusiarrak edo alemanak diren, ez diet tutik ere ulertzen».
Kirolzaleak bainoago, Joko Olinpikoen arduradunek ingelesak —turistak— erakarri nahi izaten dituzte. Aurten, ordea, panorama belztu zaie. Krisia, eguraldia eta segurtasun neurriak medio, turistak atzera egiten ari dira eta porrot sekulako baten beldur dira: Londres ez da laket aisiatsuaren bila dabiltzan ingelesez beteko.
Hitz beste
Ingelesak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu