andoni egana
Plazatik

Inkesta

2012ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Gutxi-gehiago espero zitekeen: gutxi gehiagok daki euskaraz eta gehiago gutxik erabiltzen dute.

Inkesten interpretazio zailtasunaren neurriko esaldi batekin hasi nahi izan dut erretolika, ezer ez baita samurra inkestak tartean direnean. Edo bai. Lehengoan entzun ahal izan nuen irrati batean, binakako pilota partida baten atariko solasaldian, faborito halako eta halako zirela, sasoi hobean zeudelako eta, gainera, estadistika ere alde zutelako: behin neurtu zituztela indarrak egun hartan arerio zituztenen aurka, eta garaile suertatu zirela orduan. Partida bakarretik balio estadistikoa, Groucho Marxek aterako zukeen… eta, jakina, txantxetan.

Ez da Inkesta Soziolinguistikoaren kasua. Taxuz egina dela pentsatzekoa da. Jendaurreratu duten modua, ordea, nahiko bitxia izan da. Ez dut ulertzen zergatik eman dituzten Autonomia Erkidegoko datuak bakarrik, Nafarroa eta Iparraldekoak gerorako utzita. Euskara ez dela politikarekin nahasi behar, hori lukeela hobi, esaten aritu direnek nahastu dute gehien euskara eta politika. Administrazio eredua hartu dute aintzat, eta hizkuntz errealitatea atzendu, noiz eta hizkuntzari buruzko inkesta bat argitara eman behar zuten garaian!

Inkestaren emaitzak interpretazio askotarikoak onar ditzake. Axola handirik eza ulertu uste izan dut zenbait hedabidek eskaini dioten garrantzian eta titularretan; beste zenbaitentzat euskara ongi doa, behetik gorako bidean; beste batzuek, berripaper hau tartean dela, kezka sakona azaldu dute. «Baino ez» eta «baina» ziren azo BERRIAren lehen eta bigarren orrialdeetako titularretan zetozen bi esamolde esanguratsuenak: «Euskara dakitenen kopuruak 2,6 puntu baino ez du egin gora hamar urtean» eta «biztanleen herenek euskaraz dakite EAEn, baina %80k erdara darabilte».

Ni ere kezkatu egin naute datuek eta joerek. Jakinekoa zen ezagutza maila ez dela hainbeste ere igo eta, gainera, ez dela neurri berean igo erabilerarena. Eta jakinekoa zen, era berean, gazteengan sumatzen dela euskaraz jakin arren erdarara jotzeko ohitura. Sumatzekoa zen badela oraindik ehuneko hamarraren inguruko jende kopuru bat euskara sustatzearen aurka aurrez aurre azaltzen dena… Niretzat berria izan den datua da euskararen erabilerak gora egin duen eremuarena: formalenetan egin du gora, alegia, lantegian, udaletxean, osasun zerbitzuetan… eta etxean egin du gora gutxien. Igaro gara, beraz, «zu etxerako!»-ren garaitik «etxeko partez»-enera…

Argi daukat euskarak indarrez iraungo badu, hizkuntzaz kanpoko faktoreetan eta hizkuntzaren baitakoetan, bietan, eragin behar dugula. Ez da aski hizkuntzaz kanpoko arrazoiketa lantzea: «gurea delako», «arbasoen hizkuntza zelako», «etorkizuneko herriaren hizkuntza izango delako», «ez litzatekeelako Euskal Herririk euskararik gabe»… Kilometroak edo Ibilaldira joan eta euskaraz jakin arren, eta euskaldunen artean, erdaraz ari denak, hizkuntzaz kanpoko zio horiek bereganatuak ditu baina bestetik dabil eskas. Hots, hizkuntzaren baitako arrazoiek, hitzen lilurak, hitz bat edo bestea hautatzearen eraginak, esamoldeek, esaldien xarmak, berriaren deskubrimenduak, zaharkituaren berritzeak… ez diote deus esaten.

Hizkuntzaz kanpoko arrazoiak eta hizkuntzaren baitakoak dira, beraz, gako. Eta Administrazioak eta gu erantzule. Administrazioek behar adinako lege babesa eman behar diote euskarari, eta horretatik urrun dabiltza. Erkidegotik kanpo eta Erkidegoan bertan ere aurrera egin beharrean zenbait kontutan atzera egiten ari dira. Eta guk ere zerbait gaizki egin dugula onartu beharko dugu. Sinistuta nago ni gure aurreko eta gure belaunaldikoen ahaleginak (ikastolak, eskola publikoaren euskalduntzea, euskarazko irrati-telebistak, euskarazko egunkaria, euskarazko kultur produkzioa…) zintzoak izan direla eta zenbait kontutan sortzeaz gain asmatu ere egin dugula. Datuek etsipen mingotsera eraman ordez erne segitzera eraman behar gintuzkete. Gehiago eskatu behar diegu Administrazioei. Eta gehiago geure buruei ere. Gehiago sortu. Gehiagotan asmatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.