Gaurkoa gogoeta eguna izanik ez dakit zenbateraino den legala edo ilegala hauteskundeei buruz idaztea. Suposatzen dut botorik eskatu ezean gogoetaldia bera zuzen eta bidezkoa dela, eta ez balitz ere, ez diot delitu zantzu handirik ikusten Portu eta Sarasola torturatu zituzten guardia zibilak libre uztea erabaki dutenek egindakoarekin alderatuz.
Horretan ez daukat dudarik. Gainerantzean, bai. Giza-emakumeok zeinen haize-orratz garen ilustratzeko Eugenio Ibarzabalek La pasión de mejorar liburuan idatzitako pasarte bati eusten diot sarri. San Franciscotik New Yorkera iritsi berria omen zen hegazkinez. Aireportuan lagun batzuk zain omen zituen autoz etxera eramateko. Parkingera joan zirenean autoak gurpila zulatua zuela jabetu ziren. Propio egindakoaren itxura oso-osoa zuen zarratada bat zeukan pneumatikoak. Gurpila aldatzen saiatu omen ziren baina ezin izan omen zuten. Irudikatu omen zuen beltz bat, parking hartan gurpilari labana sartzen eta burura etorri omen zitzaion: «New Yorken bizi baino hobe da beste edozer!». Asistentziari deika ari zirela latino arrazako gizonezko bat hurbildu omen zitzaien. Senitarteko batzuren bila joana zen aireportura. Gurpila aldatzen laguntzeko prest azaldu zitzaien. Jaka erantzi, eta eginahalak egin omen zituen, izerditan blai, gurpil berria jartzen. Baita lortu ere. Bostekoarekin, eskerrak eta hogei dolar luzatu omen zizkioten, hasieran hartu nahi izan ez zituenak. Eta autoa konponduta etxerantz abiatu omen ziren. Bidean, auto-leihotik begira, «New York ez da hain hiri txarra ere! Bizi daiteke hemen…» pentsatuz harritu omen zuen bere burua. Ordu erdi lehenagoko New York bera zen ordea New York! Nola alda genezake gure pentsamendua hain denbora tarte laburrean?, galdetzen dio bere buruari Ibarzabalek… Nola kostatzen zaigu hainbeste gure pentsamendua aldatzea?, erantsiko nioke nik.
Rajoy eta Rubalcabaren arteko telebista-eztabaida ikusi nuen. Eta San Ovidioren ipuina etorri zitzaidan gogora. Herri txiki bateko ermitak su hartu omen zuen. Baita San Ovidio, herriko patroiaren irudiak ere. Bikarioak, ermita eraberritzeaz batera, baserritar iaio bati enkargatu zion San Ovidioren irudi berria zurez egin zezan. Berritu zuten ermita, egin zuen baserritarrak irudi berria eta inaugurazio eguna ere heldu zen. Herritar guztiak elkartu ziren mezetan San Ovidio berria aldarean zela. Bakarra falta izan zen. Zurezko irudia egin zuen baserritarra. Biharamunean errietan joan zitzaion bikarioa: «Beste guztiak han ziren eta zergatik ez zinen joan zu, San Ovidio gurtzera?». Xalo erantzun zion baserritarrak: «Artean artelatz zela ezagutu nuelako». Baserritar iaio sentitu nintzen telebista-eztabaidari begira. Artelatz ezagutu nituen, edo okerrago, intxaurrondo, eta aldarerik ederrenean jarrita ere nekez gurtu daitezkeen santuak iruditu zitzaizkidan.
Abertzaleak berriz sumatu ditut hiru gazte indiar haien modura. Aproba egin omen zuten herriko plazan: begiak estali zizkieten eta elefante bat ipini parez pare. Gazte batek belarria ukitu zion animaliari eta zalantzarik gabe eman zuen epaia: «Hau aza-hosto handi bat da!». Bigarrenak hanka ukitu zion eta hark ere ez zuen zirkinik egin: «Arbola-enborra da hau!». Eta hirugarrenak tronpa ukitzean zera bota zuen: «Hau sugetzar bat baino ez da!». Bakoitzak nonbait bere errealitateasoilik ikusten du.
Eta Indiatik musika-aretoetara etorriz, abertzaleen artean beti izan da taburetea eta pianoarena bataiatuko nukeen ika-mika. Taburetea Euskal Herria litzateke; pianoa Madril edo Paris. Jeltzaleek diote pianoa ez dela mugituko eta adimentsu jokatuz taburetea dela aldian-aldian mugitu eta egokitu behar litzatekeena nolabaiteko musikarik lortzekotan. Ezker abertzaleak dio taburetea behin eta berriz mugitzen ahalegintzea hutsala dela, pianoa ere mugiarazi behar genukeela noizbait eta orain garela gai horretarako… Harik eta organo-jole bat azaldu den arte. Muzin egin dio pianoa jotzeari. Ostikoz astindu du taburetea. Bestelako musika du gogoan. Ez dakit… Eugenio Ibarzabalek duela hamabost bat urte idatzi zuen hobetzeko grinaren inguruko liburuak azpititulu esanguratsua du. Honelatsu itzuliko nuke: «Berdin segitzen badugu, lehengoa baino ez dugu lortuko».
Plazatik
Ipuinak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu