Fukushimaren egoera larria da, zioen atzo berripaper honen titular nagusiak. Erradiazioa iritsi da Fuji mendiraino, japoniarren gailur sakraturaino. Abailduran arnasa biltzeko, poesia liburu baten premia. Josetxo Azkonaren Ez naiz Fujin izan hartu dut eskutan. Hirurehun inguru haikuz osatutako liburuak egilearen hitzaurretxo bat dakar japoniarren poesia-mota ezagunenaren ezaugarriei buruz, Matsuo Bashó haikugile ezagunenaren haiku eder baten eredua ardatz hartuta: «Bideak ahitu nau/lur antzuetatik doaz/nire ametsak».
Azkonaren haiku batek dio: «Belztu da itsasoa./Ez dira udatiarrenak/ hondartzako hilotzak». Beste batek: «Atertu du jada./Elurraren gainean/oin hotsak soilik». Hirugarren batek: «Belar-olaturik/gabeko lurbira bat./Hondamendia».
Liburua ixten duen haikuak haiek eta gu elkartasunean ezin biribilago uztar gintzake: «Ez naiz Fujin izan./Moncayon, bai ordea./Izana naiz Fujin».
Hitz beste
Izana naiz Fujin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu