Atzo zen eguna. Leihotik begira eman nuen goiza. Hiria astiro-astiro hasi zen esnatzen. Oporrak, zubiak eta jai egunak salbuespena izatera ohitu gara, baina izatez egun horiexetan da bat nahi eta ahal duen bezalakoa: lo egin dezake eguerdira arte, edo esnatu, gosaldu eta ohera itzuli, edo jaiki eta telebista aurrean eman goiza, pasiera bat egin, azokara joan, nahi duena. Horretaraxe murriztu da zure askatasun eremua. Edo horren erdira. Beti dago zerbait egiteko.
Leihotik zuhaitzak ikus nitzakeen, tortolak zebiltzan batetik bestera, eta beherago, autoak pasatzen ziren presaka, euria ari zuen, argiak piztuta zeramatzaten, aspaldi zen eguna argitu zuela, baina ilun zegoen. Jende gutxi zebilen kalean, oso gutxi. Hirurogeita aurrerako gizon batek kale kantoiko botikan sartu-irtena egin zuen, alboko bazar txinatarrean oraindik ez zebilen inor, ondoko taberna orduantxe ari ziren irekitzen, okindegiak zeukan arrakasta pittin bat.
Harritzekoa bankuena zen. Jende pila bat zebilen. Arrapaladan iritsi ziren guztiak, Audietan, BMWetan, Mercedesetan. Atzo zen eguna: dirua ateratzera zetozen guztiak, sistema eraistera, Eric Cantonak esan bezala.
Neuk ere baneuzkan sos batzuk ateratzeko atzo.
JIRA
Atzo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu