Erreserban pasa dut asteburua. Leku ederra da: haurtzaroa da. Herri txikia denez, infernu handia izan daiteke batzuetan, eta izan egiten da normalean, baina lagun batek paradisua deitzen dio. Jendeak diosala egiten dizu kalean. Adarra jotzen hasten zaizu ikusteaz bat, galdeketa gogorra egiten dizute, zure berri jakin nahi dute, lantzean behin artxiboak eguneratzea komeni izaten da. Lagun batek paradisua deitzen dio. Mundu guztiak euskaraz egiten du, eta ez dago beste hizkuntzarik ikasi beharrik umetan. Ikastolan ingelesa ikasten dute, eta espainola, kalean euskaraz egiten dute. Badakit zer pentsatuko duzuen: ezinezkoa da. Lagun batek paradisua deitzen dio. Adiskideek azken nobedadeak aletzen dizkizute, halako ezkondu egiten da, halako haurdun dago, halakoren arreba hil zen lehengo astean. Bizitzak bere bidea darama herrian, eta zu aparte zaude jada. Akaso, egunen batean, itzuliko bazina, agian, akaso ohitu egingo zinateke, beharbada gustu hartuko zenioke infernuari. Ez da gauza segurua. Lagun batek paradisua deitzen dio.
Erreserban pasa dut asteburua. Osabak elur-arantza aitatu zuen, natural-natural, eta amak landura, etxean ekonomika piztu eta paretak negarrez hasi zirenean.
Azkenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu