Domekari domeka itxura emate aldera, etzaulkia etxe aurrera atera eta bertan egon naiz, Berta Garcia Faeten Corazonada liburua lagun nuela. Asko gustatuko zitzaidala jakinda erosi nuen orain dela hiru bat urte-edo eta hor egon da, hurrengo irakurketentzat erreserbatuta daukadan apalean, derrigor irakurri beharreko beste liburu pila baten ondoan, geldi. Bere txanda noiz iritsiko zain. Liburua aukeratu dudanean propio zorroztutako arkatz batekin idatzi ditut okurritu zaizkidan kontuak, azpimarratu ditut emozionatu nauten pasarteak. Asko ari zait gustatzen.
«Loreengandik euren ausarkeriak jelosten nau euren garondoak/ euren irribarre/ buruaskiak eta aldamenetik pasatzen garenean/ guri begiratzeko asmorik ez dutela /adierazteko duten moduak» zioen poema bat topatu dut bat-batean. Etxe barrura sartu naiz azpimarren koadernoa hartzera. Txukun-txukun idatzi ditut poema bera eta nire itzulpen xumea alboan. «Ez dakit ez ote zaidan gauza bera gertatzen oraindik irakurri ez ditudan liburu horiekin guztiekin», idatzi dut azpian letra etzanez.