Hain segur eta hain baikor mintzo zaizuna banku bat da, edo berdin dio, bankua. Egunero ikusten dut lanerako bidean. BAI, badago etorkizuna. Eta pentsatzen dut, neure buruaren funtzionamendua oso primitiboa eta oinarrizkoa denez, bankuak etorkizunik badela esaten badit, konbentzitu egin nahi banau, etorkizuna saldu nahi badit, akaso alderantzizkoa pentsatzen hasi beharko nukeela. Ez dagoela etorkizunik, alegia. Edo gutxienez, ez dagoela etorkizunik bankuetatik at. Eta etorkizuna zorrek itota bizitzea izango dela. Ez dago meza medioek esandakoak jarraitu beharrik munduak zer martxa daraman jakiteko; aztertu iragarkiak, bankuenak batez ere.
Etorkizunarena ona da, baina hau ere ez da atzean geratzen: pentsio planak gazteentzako dira. Horra, etorkizuna. Ikasi, asko ikasi, tituluak pilatu, bilatu lana, sartu orduak, bota izerdia, saldu garuna, erosi autoa, erosi etxea, erosi etorkizuna. Eta geratzen zaizun hondarra aurreztu zahartzaroa arazorik gabe igaro dezazun. Orduan egingo dituzu aurretik inoiz egin izan ezin dituzunak.
Hakim Beyri egindako elkarrizketatik, esaldi bat geratu zait: bat hasten denean aseguruetan eta erretiroan pentsatzen, akabo,bukatu da, horrenak egin du.
Jira. Xabier Gantzarain
Bai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu