Denboratan neukan ikusi gabe, eta hasia nintzen alde egina zela pentsatzen, baina herenegun, inozente eguna Espainian eta beraz Hego Euskal Herrian, eskailburuan egin nuen topo, eta ikusi orduko hasi zitzaidan adar joka auzoa.
Zorionak, gantzarain, egun handia gaur, ez?
Astoa makilara bezala nago jarrita, edozeinek edozer esaten dit, halaxe behar duela uste dute gainera, edozer daukala esatea batek irribarre eginez gero ostean, nahi dituen denak esan ditzakeela, jendeak ahaztu egiten du, eta neuk ere bai beraz, hitzak ekintzak direla, eta beraz, hitzez eraikitzen ditugula zubiak eta harresiak. Ez dakit hitzez eraikitzen ari naizen hau zer den, zubi ala harresi.
Handia, bai! Gaurkoa duk urteko egunik ederrenetakoa: jendeak aitortu egiten dik gezurretan aritu dela, amarrua zela, hire lepotik barre egitea beste motiborik ez zeukala, hire sentimenduekin jolasean aritu dela, alegia deus ez, denbora pasa.
Ez hago gozoa, arraioa. Beste aldarte batekin ekin behar diok urte berriari, gizona, bestela gaixotu egingo haiz.
Ez, benetan. Egun ederra duk inozente eguna, ederrenetakoa: gezurretan aritu arren, jendeak ez dik kalterik egin nahi izaten. Kentzen ziok alde ederra urteko beste egunei.
Jira. Xabier Gantzarain
Beraz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu