Independentziaren aldeko martxa berdea eginen da gaur Iruñean. Urriaren 12a aukeratu da aldarrikapena egiteko: inposatutako jaia, Guardia Zibilarena, Espainia unagrandeylibrearena. 1492an gaurko egunez ikusi zuen Ameriketako lurra Rodrigo de Trianak. 1918tik aurrera, urriaren 12a jai eguna izan da Espainian. Baita Ameriketako herrialde askotan ere. Gerora herrialde bakoitzak izendapena aldatu egin dion arren, hasiera batean ospakizunaren izena Arrazaren Eguna izan zen.
Ordura arte Amerikaren aurkikuntza ospatzeko erabiltzen zen Arrazaren Eguna izendapena gaitzetsi, eta egun hori Hispanitatearen Eguna izendatzea proposatu zuena Zacarias de Vizcarra apez bizkaitarra izan zen, Abadiñon jaioa, besteak beste Vasconia españolísima. Datos para comprobar que Vasconia es reliquia preciosa de lo más español de España izenburu luze eta argiko liburuaren egilea, 1946an Pax Romanaren XIX. Kongresu Mundialean parte hartutakoa, eta Toledoko apezpiku laguntzailea izandakoa.
Jakintsu plantak egiten ari naiz hemen, Wikipedian topatu dut guztia, atzora arte ez nekien zergatik ospatzen zen Hispanitatearen Eguna urriaren 12an. Espainolen antz handia daukazue, esaten dit Nadiak, espainolak ez izateko.
Berde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu