Jira

Besterik gabe

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Non irakurri edo entzun nuen ez dakit, urteak dira, baina ez dut uste amets egin nuenik. Ruper Ordorika eta Bernardo Atxaga euskararen etorkizunaz ari ziren, lanturik jo gabe, eta esan zuten kantuek iraungo zutela pixka batean, eta azkenean ez zela toponimia besterik geratuko.

Ameriketako Estatu Batuetan, Kansas estatuko hiria da Wichita. Tribuaren izena hartu zuen hiriak; triburik ez da jada. Aste honetan jakin dut, Ahotsak ekimenaren sareko gunean irakurrita, wichita hizkuntza desagertzear dela. Azken hiztuna 83 urteko emakumea da, Doris McLemore. Aita zuria zuen, europar-amerikarra; ama, berriz, indiarra. Amaren aldeko aitona-amonekin hazi zen. Wichita izan zuen bere lehen hizkuntza. Al Jazeerak elkarrizketa egin dio; ikusi dut, eta aste santuko prozesio guztiak baino tristeagoa iruditu zait.

Elkarrizketa egiten dionak, beste askok bezalaxe, galdera bat darabil buruan, eta huraxe egin arteko onik ez du: azkena zarela jakinda, nola sentitzen zara? Beno, ez dut horretan pentsatzen… besterik gabe… gauzak horrela dira. Horretan gehiegi ez pentsatzen saiatzen naiz soilik.

Ez da harritzekoa. Dorisek dio dagoeneko ez duela norekin hitz egin, baina tarteka wichitaz amesten duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak