Hori duk neure buruari galdetzen diodana: hau guztia, zer da? Unibertsoa, esaten didak hik, baina eta unibertsoa, zer da, non dago? Eta badakik zer den harrigarriena, handitasun infinitu horren baitan hain txikiak izanik ere, batek bere buruarekin nahikoa eta sobera izaten duela normalean, eta hori baino are handiagoa, bat bere buruaren baitatik hasten dela osatzen ingurua, batek ezin duela ezer bizi ez bada bere baitatik. Kontatuko diat zuek haurrak zinetenekoa.
Arreba sukarrarekin zegoan, gaizki, eman bat eta eman bestea eta ez zian hobera egiten, gauean ohera ekarri genian, eta hemen ibili huen, buelta batera eta buelta bestera, geldik egon ezinda, eta nik ezin izan nian lorik egin, bi ordu besterik ez gau osoan. Iritsi huen goiza, jaiki ninduan neka-neka eginda eta kirioak dantzan nituela, eta hipozak zoratzen esnatu hintzen,inauteriak zirelako, eta indioz jantzi behar huelako. Eta orduantxe ikusi nian garbi: bat bere munduan bizi duk beti, bere poz, neke, amets eta zaputzekin, eta besteei ezin ziek ezer eskatu, ezta lagunei ere, lagun izatea ez duk eskatzen, eta bat konturatzen duk, bere ezdeusean etabere ezinean ere, dena dela norberarentzat, hasiera eta bukaera. Dena.
Jira
Dena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu