Espainiako kritiko gehienentzat eta, tamalez, bertako hainbat jenderentzat, herri kirolen funtzio bera betetzen du euskal arteak; berezia eta bereizgarria da, lurrarekin lotua, Euskal Herriko geografiaren eta bizimoduaren eragina sumatzen zaio, identitate baten erakusgarria da. Beste modu batera esanda, ezagutzen eta onartzen den artea 60. hamarkadatik datorrena da.
Euskaraz jakin badakien arren euskaldunekin harreman handirik ez duen batek, zer pentsa utzi ninduen, orain hurrena, euskaldunen gustuei buruz galde egin zidanean: eta euskaldunentzat, euskaraz bizi direnentzat, zein da gaur egunean Euskal Herriko artista erreferentea, inkesta batean esango luketen izena? Ez dakit ba, esan nion, Zumeta akaso? Ezin zuen sinistu.
Egia da, diktadurapeko garai latzetan, ETAren sorrera eta 60. hamarkadako bulkada artistiko eta kulturala Euskal Herria biziberritzeko ezinbesteko mugimenduak izan zirela. Baina egia da baita ere, hantxe geratu garela, han hasitako zikloa bizi dugula oraindik, eta itotzen ari garela.
Garai berriak datozela ematen du politikan. Baina eta kulturan? Zer eskaintzen dio kulturak gaur eguneko euskaldunari? Badauka herri zatitu bat sinbolikoki egituratzeko ahalmenik?
Erreferenteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu