Astelehen goiza da, eguraldi muzina dago, autobusa jaioterrira abiatu da, ezin dut lorik hartu. Autobusaren bigarren pisutik hiriburuak beste itxura bat hartzen du, ez da hain dotore eta apaina. Eraikuntza lanetako hesiek ezkutatzen dituzten zuloak ikusten dira, lehen pisuetako sukaldeetan jendea gosaltzen, abokatuen bulegoko txapaldan Moet kaxa huts bat. Ez dakit zeinek esan zuen, garbitzea ez da zikinkeria batetik bestera mugitzea besterik.
Ezin dut lorik hartu, eta leihotik begira egiten dut jaioterrirainokoa. Dena iruditzen zait bitxia eta harrigarria. Astelehen goiza da, eguraldi muzina dago, auto ilara handi samarra dago unibertsitate inguruan, aparkaleku bila dabiltza, garaipen txiki bat da semaforoa horian pasatzea, zebrabidean ikasleak daude zain, asko jaioterritik autobusean etorrita, bederatziak jotzerako denak errendituko dira bakoitza bere tokian.
Bide ertzean industriarik gabeko industrialdeak daude, gasolindegiak, zelaiak, pinudiak, baserriak, mahastiak, eta han-hemenka, txundigarri eta bikain, baratze txikiak, lur sail nanoak, metalezko xafla eta plastikozko ontziekin egindako txabolak. Beharraren arabera eraikiak, hortxe errenditu dira bizitza oso bateko astiak.
0Jira
Errenditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu