Jira

Ez deus

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Pertsona esnatzen da goizean, begiratzen du leihotik, kalkulatzen ditu euria egiteko dauden aukerak gora eta gora egiten duten etxe altuen teilatu ertzek inguratzen duten zeru zati zikina ikusita, hartzen du arnasa, eta egunari ekiten dio besterik ezean. Ohean geratuko litzateke, lo eta lo egin. Amesgaiztorik gaiztoena jasan dezake, amesgaiztoa da azken batean; bebarruko atea ireki, pausoa luzatu eta kale kantoian autobus geltokirantz jiratzeak, izua eragiten dio.

Zera, zaila da azaltzen: bat igotzen da autobusera eta begiek geziak jaurtitzen dizkiote, baina ez da amorrurik, ez da maitasunik, ez izateagatik, ez da ezaxolarik ere. Izan, ez da. Egon, ez dago. Ez da deus. Ezdeusa da espeziearen biziraupenerako, are ezdeusagoa lurraren jira-bira etengabean, eta zer esan, zabaldu eta zabaldu ari den unibertsoan duen lekuaz. Aulki huts bat bilatzen du, ateratzen du liburua, eta paper artean bilatzen du babesa, umetan bezalaxe. Ez da konturatzen, hil egingo dela ari dela pentsatzen.

Askotan etortzen zaio amak esandakoa. Hau guztia, hau guzti-guzti-guztia, zer da? Ez zekiat ondo azaltzen dudan: hau guztia, mendiaketa urak eta ilargia eta eguzkia eta galaxiaketa unibertsoa, hau zer da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.