Aspaldian irakurri dudanik eta albisterik harrigarriena, cablegate kakatan uzten duena, Ander Izagirreren tuit bati segika topatu nuen, eta goiburuak honela zioen: 1954ko apirilaren 11n ez zen ezer gertatu. Edozer esaten da orain, alegia deus ez.
Albisteak ez zeukan, begiratu batera, mami askorik: informatika enpresa batek algoritmo bat asmatu du, haren bitartez eta kontuan hartu beharreko irizpide sinple batzuei jarraiki, zein egunetan zer gertatu zen aztertzeko, eta egun bakoitzak zenbateko garrantzia izan duen jakin ahal izateko. Irizpideak ez dakit zein izan diren, baina pentsa liteke, demagun, Ronald Reagan jaio zen eguna zure ama jaio zen eguna baino garrantzitsuagoa izango dela algoritmo horrentzat, eta inportanteagoa, zerbait esateagatik, Francisco Franco hil zen eguna Txiki eta Otaegi fusilatu zituzten eguna baino. Hizki larriz eta inpunitate osoz idazten den Historia ofizialaren algoritmoa da. Ez daki gure izenik, ez zaio axola gure izanik. Ez ote zen inor jaio 1954ko apirilaren 11n, ez ote zen inor hil, ez ote zuen inork negar egin, edo irri, ez ote zen eguzkia egunero bezala atera eta sartu?
Gurea lana egitea da, besteren poltsikoak gizentzeko bizi, eta ezer ez uztea.
JIRA
Ezer ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu