Munduan zer gertatu den jakin nahi izatera, hobe da etxe inguruan pasieran ibiltzea. Baina behin entretenimendu bila hasita, ez zaitez geratu albisteetan, Poloniako eta Ukrainako hildakoekin, Hungariako isuriak eragindako kalteekin, edo erretreten erreformaren aurkako laugarren protesta egunarekin. Hildako horiek, ezbehar horiek, protesta horiek, irudi horiek guztiak erabat dira trukagarriak, hitzaren bi adieratan: batetik, aldatu egin daitezke, aldagaiak dira, gutxi axola dio istripua non izan den eta hildakoak zenbat izan diren, istripua bat eta bakarra da beti, eta bestetik, albisteen trukea etengabea da, herrialde bakoitzak daukana eskaintzen du, istripuak, hildakoak, ezbeharrak, gerra, gosea, denetik dago aukeran, gero zuzendari bakoitzak ikusiko du bere ikusleei zein bazka eman. Katearen seriotasunaren arabera, beti ere.
Serioak ez direlakoan baztertzen diren albisteetan mamirik ez balego bezala. Pasa den asteburuan ezkondu ziren Mexiko DFko Polanco auzoan Carlos Slim Domit eta Maria Torruco. Gonbidatuen artean Bill Gates, Bill Clinton, Felipe Gonzalez eta Gabriel Garcia Marquez zeuden.
Eztei ospakizunaren hasieran bikotearen kantu gustukoena jarri zuten: Stand by me.
Ezkonberriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu