Greba egin behar nuen atzo. Ez nuen zutaberik argitaratu behar. Berandu da orain, ordea. Egia esanda, ez zitzaidan burutik pasa ere egin greba egitea baneukanik, ez nuen galdetu, zutabearen orri zatia zuriz ateratzen ez zidatela utziko pentsatu nuen, ez zela aukerarik izango. Eta horixe da beldurgarriena: aurrez amore ematea, saiatu gabe etsitzea, datorren bezala onartzea dena.
Bezperatik neukan errezeloa, baina atzo goizean kalera irten nuenean irudipena indartu egin zitzaidan: jendeak nahi zuen, nahi genuen atzokoa egun normala ez izatea, baina ez ginen ausartzen urratsik egiten. Galdezka ari ginen herabe, dena irekita al dago, autobusak egunero lez al dabiltza, ikusi al duzue piketerik. Gure eskubideak ezagututa ere, ematen zuen nahiago genuela ardura besterena izatea; lanera ezin izan genuela iritsi esateko moduan egotea nahiko genukeen, elurra egiten duenean bezala. Greba, sindikatuen borondatez agertu eta herritarrok saihestu ezin dugun fenomeno naturala balitz bezala.
Aspalditik dator sindikatuen kontrako eraso mediatikoa: bizkarroiak, euren interesen defentsa hutsean ari direnak, alferrak, zer ez da esan sindikatuen kontra. Normala da: elkartasuna aldarrikatzen dute.
JIRA
Greba
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu