Jira

Ihes

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Tribuak bere burua masa gisa hartzen du, asko gara, berdinak gara, egin dezagun indarra. Baina bukatzen da Korrika, bukatzen da festa, baretzen dira gogoak, itzultzen da bakoitza bere zereginetara, eta nork bere kezka ttipiak ahaztu, zoriontsu izan, eguzkia hartu beste asmorik ez du izaten, are gehiago aste santuko oporrak direnean, eta inora ez joatea infernura joatea baino okerragoa denean.

Tribuak bere burua masa gisa ikusten du, asko gara, berdinak gara, egin dezagun indarra. Baina ez daki oso ondo zertarako batu den masa hori, oldarrerako ote den, festarako ote den, erresistentziarako ote den. Herri bezala, galduta dabil. Noizean behin bildu arren, erabat atomizatua, norabide garbirik gabe, krisian dago aspaldi: mundu zaharra hil zen, eta berria ez da jaio oraindik.

Tribuaren sakabanatzea aspaldi hasi zen, eta batuta mantentzeko ahalegina ikaragarria izanagatik, jarioak ez du etenik, desegiten ari den herria da gurea. Nekeak jota, lotsak janda, konplexuek erasanda, euskaldunak beste edozer izatea hautatzen du. Bizi bizi, euskaraz zenbat bizi zarete? Zein putzu edo zulotan ezkutatzen zarete?

Tribuak bere burua masa gisa hartzen du, baina ez ote gara iheserako biltzen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.