Heuk ere ez duk asko irteten kalera, zer ari haiz gaueko hamarretarako kaleak hutsik daudela esanez?
Ez neukan auzoarekin eztabaidan hasteko gogorik. Ez nion esan hamarrak inguruan jaisten naizela beti zaborra botatzera, hor uzten dudala eguna, kafe hauts, sagar mutxikin eta patata azalekin batera ustel dadin. Ez nion esan kalean jada inor ibiltzen ez delako ateratzen naizela ordu horretan. Eta urruti, oso urruti ikusten dudala gauero adiskideekin biltzen nintzen garaia. Eta neure buruari galdetzen diodala, oraingo gazteek irteten ote duten kalera, sartzen ote diren taberna zuloetan, bilatzen ote duten babes politikoa lagunen errepublikan, saiatzen ote diren mundua konpontzen garagardo aparretan, edo munduak konpondu beharrik ez daukala etsita ekiten ote dioten egunero euren arazo eta kezkei.
Ez nion esan. Baina gustura esango niokeen garai batean bazela gogoa munduan zer gertatzen zen jakiteko, bazela internazionalismo sakon bat, bazela herrien arteko elkartasunean sinisten zuen jendea, bazela ikuspegi global bat, euskaldunak mundutar bilakatzen zituena. Iragana idealizatzen ari naizela esango lidake, arrazoiarekin. Jende batentzat ez zen oporretarako plan on bat besterik.
Internazionalismoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu