JIRA

Irakurrienak

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Inoiz amaituko ez den mende batean jaio nintzen, eta dagoeneko zahar usaina hartu dut, horitu eta zimurtu egin zaizkit kopetako zazpi azalak. Abaila bizian etorri zen aldaketa, eta berritasunak erabat baztertzerik ez dagoela pentsatzen badut ere, oraindik papera nahiago duten horietakoa naiz. Akaso egunen batean neu ere hasiko naiz, baina oraingoz ez naiz saiatu ere egin liburu bat digitalean irakurtzen. Eta berriak ere, askoz nahiago ditut paperean.

Soziologia eta kazetaritza tesi bana egin daiteke tabernetako egunkariak aztertuta: zein diren egunaren bukaeran gehiena erabili direnak, nondik tolestu diren, falta ote zaien orririk edo zatirik, gurutzegrama bukatuta al dagoen, inork marraztu al dion biboterik Carla Bruniri, inork idatzi ote duen ezer albiste edo zutaberen baten alboan, mila historia gordetzen ditu paperak.

Sareko irakurketa erosoa da, merkeagoa, baina baita askoz aseptikoagoa ere. Eta batez ere, banakakoa erabat. Hori bai, ertz batean, besteek zer irakurri duten jakin ahal izateko, hor daude irakurrienak. Eta ematen du gehiengoak irakurri baldin badu, mereziko duela, izango duela zerbait, ezin duzula hori irakurri gabe utzi. Eta halaxe bihurtzen dira irakurrienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.