Herriak ez du politikorik behar, laster alboratuko lituzke hartarako modurik balu; jakingo balu bere arazoak konpontzeko beste era batera antolatzen, asmatuko luke beste eredu batzuk eratzen. Jakina, sekula ez zaio utziko probatzen. Politikoak herria behar du. Eta esango du: nik badakit zuek zer behar duzuen, nik badakit zer nahi duzuen, eta badakit nola lortu. Hauteskunde aurreko sasoia da urteroko sasoirik luzeena. Hauteskundeak irabazi beharrik ere ez dago. Nahikoa da babesik gehiena biltzeko bezain trebe eta zuri jardutea. Eta handik aurrera, festa. Segituan antzematen dio herriak, eta derrepente esaten du: guk badakigu zuek zer behar duzuen, badakigu zer nahi duzuen, bai eta nola lortuko duzuen ere. Trukean, politikoak esaten du: ezjakinak zarete, ergelak, kulturarik gabeak, ez dakizue zein den munduaren martxa, guk berrituko ditugu zuen ohitura zaharkituak eta zuen uste antzinakoak; guk ekarriko ditugu aberastasuna, oparotasuna eta lasaitasuna; argi dago, gu behar gaituzue, guk badakigu nola kudeatu herri honetako kontuak.
Eta halaxe gertatzen da beti: politikoek badakite nola kudeatu besteren kontuak, eta hobeto nola gizendu eurenak. Borondate oneko jendea izan ohi da.
Kudeatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu