Berdin-berdin zaiola esan nuen atzo, bost axola duela liburuak irakurri ala ez, zinera joan ala ez, erakusketak ikusi ala ez, eta bai, halaxe sentitzen dut. Ez dakit nondik hasi, nola ordenatu nire intuizio erkinaren erpin zorrotzak. Amaieratik akaso: kulturaren demokratizaziorik ez da izan.
Eusko Jaurlaritzak kultura bonua jarri zuen martxan, 25 euroren truke 40ko gastua egin dezakezu. Ongi etorriko zaio erostunari, baina neurriak erakusten ditu ondoen kulturaren gaitzak. Bat, bonua zertarako den eta urteko zein sasoitan ateratzen duten ikusita, kultura bera ere kontsumo produktu bilakatu dela; bonuaren espainolezko iragarkiak hitz jokoa egiten du:con suma cultura.
Beraz, erosleak egin behar du erosi kultura eta bere burua jantzi kulturaz, kultu bilakatu, eta kultu bilakatze horretan, kultur kapitala metatu, hartara gora egiteko gizartean. Antzeman didazu: Bourdieu ari naiz irakurtzen, bakoitzean harritzen nau.
Kultura edozeinen eskura jartzea ez da, bere horretan, kulturaren demokratizazioa. Liburutegiak alferrik dira irakurtzeko ohiturarik ez daukanarentzat. Libre izan beharrak darama bat libertitzera, beste bide batzuk hartzera, suizidatu gabe bere buruaz beste egitera.
Jira. Xabier Gantzarain
Libre
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu