Anestesiarako joera du giza arrazak, minak izua eragiten dio, izua, baina minak berak baino izu ikaragarriagoa, mina har dezakeela sentitzeak. Beraz, minik ez hartzen saiatzen da giza jendea; berdin zaio horretarako bere burua gezurrez eta gozoz gizendu behar badu ere, ez da hain zaila istorioak sinestea, fede apur bat nahikoa da, minik ematen ez duen bitartean.
Giza arrazak anestesiarako joera du, eta neguaren hasieran anestesia guztiak biltzen dira mahaira: erlijioa, tradizioa, kontsumoa, zoriona, sutondoa, istorioak. Eta horiek guztiak gutxi bailiran, oturuntzak ere laguntzen du, eta asko, errebeldia amiñi bat erakusten duen azken neurona anestesiatzen. Dena dago gozoa, kanpoan hotz egiten du, elurra egin du mendian, izotza dakusat kalean, hemen epel egiten du, hauek maite naute.
Anestesiarako joera du giza arrazak, irautea bilatzen du, eta akaso noizean behin bizirik sentitzea, baina ez da derrigorra egunero izatea, bizitzea gehitxo litzateke, horretarako borroka egin beharko genuke, arriskuak hartu, min hartzeko bidea jarri, eta horrek ez gaitu batere lasaitzen. Hasiko du lurmentzen, baina lurrak lo jarraituko du denbora luzez, eta geuk ere bai, haren gainean, geldo-geldo.
Jira. Xabier Gantzarain
Lurmentzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu