Zer esan ez nekiela utzi ninduen auzoak, mutu, eta horixe egin nuen, ezer ez esan. Burumakur itzuli nintzen supermerkatutik, esku banatan plastikozko poltsak neramatzala, ekologiaren kontrako gaizkile ez ezik, hedabide nagusien pareko eta kolabo sentitzen nintzelako.
Eta pentsatu nuen baietz, arrazoi zuela auzoak, ez dela bakarrik zer kontatzen den, ez eta nola kontatzen den ere, badagoela aurrez eta isilean egiten den beste ariketa krudelago bat, zer agertu eta zer ezkutatu erabakitzea, alegia, eta hortxe hasten dela, inon hastekotan, zutabegilearen eginbeharrik zailena, hortxe baitago justua izatearen edo gutxienez saiatzearen muina.
Eta errepaso bat eman diot, buruz, orain arte idatzitakoari, ez hainbeste zer esan dudan edo nola idatzi dudan ikuskatzeko asmoz, baizik eta ikusteko zein gai hartu ditudan hizpide, eta zertan izan naizen beste edozein hedabideren berdin-berdina, zein gai ezkutatu ditudan nahita edo nahi gabe (askoz okerragoa dena), eta zein jarri nahi izan ditudan agerian.
Eta pentsatu dut gehiegi so egiten diodala neure buruari, goizegi dela oraindik ezer aztertzen hasteko, eta hobe dudala arretaz so egin, belarriak erne ibili, eta irakurleari utzi azken hitza.
Mutu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu