Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Ordubetean

2012ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Sustrairik gabe errotzen da erbesteratua, denborazkoa du izatea, saiatzen da lekuak bere egiten, kariƱoa ere hartzen die batzuei, baina ez dira bere lekuak, bere lekuak jada ez daude inon, bere lekuak denborazkoak dira, oroimen hutsa, berak adina iraungo dute, bera da bere lekuak eta bere denbora, denborazkoa du izatea, egunak joan egiten dira, joan egiten da urtea, bera ere joan egingo da: iluna ikusten du abailtzen erbesteko kaleetan, eta iluna sentitzen du abailtzen bere baitan, denbora besterik ez, denbora gorpuztua, denbora hiztuna, denborazkoa da, bolada bat, aldi bat, sasoi bat, eta gero ezer ez. Iluna ikusten du abailtzen bere baitan, eta izarren zain geratzen da: izarrek argi ematen badute, inork behar dituelako da?

Ez da ordea erbesteratuaren gaitza, denborazkoa da izatea.

Orduko ehun kilometroko abiaduran doa, errepide bazterrean harri gorrizko herri bat ikusi du, mundu oso bat izango zen garai batean, eta lurraren denbora izango zuen jendeak ere, eguraldiaren araberakoa, eguna mozten eta hozten hasten den sasoi bat, eguna luzatzen eta luzitzen hasten deneko beste bat, baina bera beste garai batekoa da, ehun kilometrora dago ordubetean.

Herriak lotarako lekuak dira orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.