Historiaz enpo eginda datoz egun batzuk, beste guztiak aktualitatez puztuak. Egunak ez dauzka jada hogeita lau ordu, askoz gehiago ditu: hasi Australian eguna hasten denetik eta buka Hawain eguna bukatzen denean, eguna ikaragarri luzatu da, eta era guztietako pantailak irudiz eta ahotsez eta testuz eta argazkiz eta izenburuz eta gauzez bete dira. Antzaren gibelak bailiran, egunak puztuta datoz, baina ez dira antzarak, gu gara egunak dakarrena irensten dugunak. Barrura, dena barrura. Eta hain gaude egunerokotasunez puztuak, ezen ikaragarri meharra eta estua baita, esperantza ez ezik, gure memoria. Nirea behintzat, gero eta meharragoa da. Eta esperantza, ez da kale baten izena besterik.
Transmisioa, barkatu esatea, ezinezkoa da. Eta egin ez delako, egin ezin delako antolatu zuen Huhezik Euskal Kulturgintzaren Transmisioa ikastaroa. Nola kontatuko diogu gaur hamar urte dauzkan gazte bati zer izan zen eta nola bizi izan zuten euskara batuaren sorrera? Nola kontatuko diogu zer izan zen Ez dok Amairu? Ezinezkoa da garai hartan bizi izan zutena transmititzea. Horrexegatik da saiatzea hain beharrezkoa.
Memoria ariketak balio behar du, besterik ezean, behin betirako galdutakoaz jabetzeko.
Jira. Xabier Gantzarain
Transmisioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu