Maialen Akizu.

Txoria

2024ko uztailaren 11
05:00
Entzun

Zutabeok sukaldean idazten ditut gehienean, baina udatiar ni ere, eta azken asteotan balkoira ateratzen naiz. Bat eta beste irakurtzen ari nintzela hara non txori bat. Gure aita enpeinatu zen txorien izenak ikasi genitzan. Uroiloa, eskinosoa edo karnaba bereizten nekien garai bat izan zen, munduko hiriburuen izenak nekizkien sasoi bertsua, baina egun hiriburuak herrialderen izenarekin berdintzen ditut askotan, eta txori gehienei deitzen diet txori. «Gaur ez daukat ba zuri kasu egiteko gogorik». Txoriak, ordea, hortxe jarraitzen du salto txikiak ematen, presarik gabe baina zain dagoenaren egon-posturan. Sukaldetik Digestive galleta bat hartu eta pusketak eginda balkoiaren ertzean utzi dut. Txoria hurreratu da galletara, hartu du mokoan pusketa bat, eta berriz ere nire aldamenera etorrita gerturatu dit Digestivea. «Ez dut galletarik nahi». Bueltan eman diot, baina bera berean tematu. Aurrera eta atzera, azkenerako galleta jan dut, eta txoriari lasaitua antzeman diot. Eta burura etorri zait izeba zena ere nola lasaitzen zen gu jaten ikusiz gero, nola azaltzen zen espero gabe etxera eta zain zegoela salto txikiak ematen zituela. Gogoratu naiz beti esaten zuela Mazedoniako hiriburua, Skopje, ezagutu duen ederrena dela, eta akordatu naiz pareko txoria txirta dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.