Ez dakit non irakurri nuen, auziren baten harira esandakoak direla uste dut: gurea ez zen omenaldia izan, memoria ariketa baizik. Bai, hala da, ez dira gauza bera, memoria ariketa ez da beti omentzeko izaten, izan liteke justu kontrakoa egiteko ere; eta izatez, omenaldia ez da memoria ariketa izaten, normalean, antolatzaileak bere burua omentzen du omendua aitzakia hartuta, omenaldia bera anti-memoria ariketa bilakatuz: ekarri zaharra, igo oholtzara, esan hitz batzuk baina ez aspertu inor, eman loreak, bota loreak, jo txalo, mila esker, agur. Esanez bezala, zeharka eta hitz goxoak erabiliz, omenaldia guk merezi dugu, omenduaz akordatu garelako beste guztiek ahaztuta zeukatenean. Baina hori, memoria ariketa da?
Historiaz enpo eginda etortzen dira egun batzuk, eta gaurkoa da bat. Espainian Jose Antonio Primo de Rivera eta Francisco Francoren heriotzak gogoratuko dituzte, eta haien jarraitzaileek biak omenduko dituzte, mezak aterako dizkiete, negar egingo dute. Zuekin bai, bizi ginen ondo. Euskal Herrian Santi Brouard eta Josu Muguruza izango ditugu gogoan, loreak eskainiko dizkiegu, negar egingo dugu. Zuekin bai, bizi ginen ondo.
Omenaldiak utzita, has gaitezen memoria ariketekin.
Urteurrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu