Lurra lantzen duenari, itsasoan lan egiten duenari eta arropa zikinekin dabilen langileari, errespetua.
Lurretik baino gehiago, lurrarekin bizi dira, azazkal beltzak daramatzate etxera, zakarra dute azala esku ahurretan, babak dituzte, hatzak sumindu egiten zaizkie, lurrarekin bizi dira, eguzkiarekin, iretargiarekin, santuen izendegia buruz dakite, baina ez fededunak direlako, hazia noiz erein eta uzta noiz batu jakiteko baizik, eta hala ere ez dute egutegi finkorik, natura ez da bitxikeria polit bat haientzat, antzeman egiten diote haizeari, asmatu egiten dute izotz beltza noiz egingo duen, lurrarekin bizi dira, itsasoan kulunkatzen dira, iparrorratzik gabe dakite non den sortaldea, ordua asmatzeko gai dira eguzkiari begiratuta.
Eta arropa zikinekin dabilen langileari, nire errespetu guztia eta miresmenik zintzoena. Orube elkor bat zegoen tokian etxe bat jasotzea lortu duten horiek dira nire heroiak; egur zati bat hemen, burdin puska bat han, behin-behineko egitura bikainak sortzen dituzte, eskailerak, eskubandak, zernahi.
Lurrari eta lanari eta aroari eta bizitzari lotutako esperientzia hori guztia, jakinduria ikaragarri hori, pasatzen da oraindik ere belaunaldiz belaunaldi?
Jira
Zikinak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu