Uda beteko (p)lana

Jolasean

garbine ubeda goikoetxea
2011ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Bost eta sei urteko neska-mutilak adin bertsua duten neba-arrebaren etxera heldu dira, batzuen zein besteen gurasoei, aspaldiko partez, elkartzeko gogoak eman dielako.

Zakurren moduan elkar usnatu eta gero, nor bere modura agertzen hasi da apurka, izaera naturala erakusten, besteenera ohitzen. Mutiko bisitariak berehala hartu du eman ez zaion konfiantza. Seko liluratuta dago egundoko jostailu mordoa bistaratu zaiolako. Ate eta zoko bakoitzak sorpresa berria gordetzen diola konturatuta, gainera, mozkorraldi frenetiko batean murgildu da ia arnasestuka. Ez du segundo erdirik ere gainerako haurrekin galtzeko.

Etxeko mutilari, zeinak ez dakien juxtu anfitrioi onarena egin behar duen edo hortzak erakutsiz etxea defenditu behar duen, ez zaio batere gustatu bisitariaren jokaera. Lotsagabea egin zaio, harroa, menderatzailea. Ezin du, ordea, ezer egin, ama zelatan duelako, inbaditzaileari atzaparrak luzatzen badizkio epelak hartuko dituelako. Abisua lehenagotik emana dio.

Bi neskatoek bitartean, desafio sotilagoan, erradiografia osoa egiten diote elkarri. Goitik hasi eta beherainoko errepaso konparatiboa da, ilea, arropa, apaingarriak, keinuak, posturak eta gainerako xehetasunak barne hartzen dituena. Oinetakoetara heldu direnean, eta ikertu beharrekoak ikertuta, haur jaioberriaren itxurako panpina banaren bila joan dira irribarrez, ia txintik atera gabe, telepatiaz ari balira bezala. Amatxotan jolastuko dira.

«Eta ni zer!» joan zaie haiei ere kexuka etxeko zaindaria, egunerokoan izan ohi duen nagusitasuna erabat galdu duelako amorratuta. Umiliatua sentitzen da, bakartua, jostailurik gabe eta inoren arreta lortu ezinik, gelako azken putza balitz bezala. Neskek, entzungor, begiratu ere ez diote egiten. Haien umeek txiza eta kaka galantak egin dituztela deliberatuta, nazka keinua egiten ari dira barrez, kiratsa jasan ezin duenaren antzean, sudurzuloak ixten, panpinak biluzten. Erasora jotzea erabaki du:

—Zuekin aritzen uzten ez badidazue, baztertu egiten nauzuela esango diet gurasoei.

Azkenerako astun xamar jarri delako, euliak ere nekatu dituelako, eta finean, garrasika hasteko zorian delako, amore eman dute azkenean. Mutilak, aginte makila berreskuratuta, jolas berriak proposatzen hasi da, ez baitu fardelak aldatzen aritzeko batere gogorik. «Su-hiltzailetan», honek. Ezetz, besteek. «Lapur-poliziatan». Ezetz. «Autobus gidaritan». Ezta ere. «Munstrotan». Are gutxiago. «Ehiztaritan». Muturra...«Irakasletan». To. Zerrenda luzea pasa eta gero, ados daudela ematen du. Nesketan zaharrenak baldintza jarri dio hala ere:

—Neu izango naiz irakaslea.

—Ezta pentsatu ere! —mutilak, asaldatuta, protagonista nagusiaren rola kenduko dion beldurrez —Neskak andereñoak izaten dira beti, ezin dute irakasle izan! Ez, behintzat, nire ikastolan!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.