Irailetik aurrera lanik izango ote duen oraindik ez dakien irakasleak ez du ulertzen. Areago, ez du uste sekula fitsik ulertzeko gauza izango denik. Ekonomia, goi finantzak, burtsak...Medioek barra-barra eta etengabe hedatzen dituzten berriei jarraituta —bateko ebaluaketak eta emaitza kaxkarrak, besteko ondorioak eta neurri zuzentzaileak—, ikasgelan imajinatuditu estatu agintariak; haurrak balira bezala, eskola-bata jantzita. Nor bere tokian dago, txintik atera gabe eta uzkur, zirimola noizpasako, zuzendari beldurgarria errietan eta mehatxuka ari zaielako. Deformazio profesionalari egotzi dio errua.
Zaila zaio irudikatutako imajina burutik kentzea. Zuzendariak in fraganti harrapatu eta bere atzaparretan estutu baino lehenago, bazterrak nahasten ari ziren denak; irakaslea gaixotu egin dela-eta, arduradunik gabe bakarrik gelditu direla-eta, zalapartan, arbelean itsuskeriak zirriborratzen, liburuak harrikatzen, aulkiak iraultzen, boligrafoaren tutuaz elkarri paper bolatxoak botatzen nahiz bandokako borroketan, axolagabekeriatan…
Asaldatuta, harrokeria guztiak apaltzeko moduko diziplina-pilula irentsi arazi die denei, egundaino bukatzen ez den ikasturte honen tragorik minena: bat-bateko azterketa, gupidatik batere izango ez duena; kili-kolo daudenak eta behetik doazenak hondoratuko dituena. Nota orokorrean kontuan hartuko dena. Mendekua.
Ariketen erdiak ebatzi ezinik eta zuri utzita, atzetik helduko den zigorraren beldur dira orain. Ikasle saiatuena, zeina, bidenabar esanda, gainerakoentzat kontakatilu eta handinahi hutsa den —dei diezaiogun AEB—, kaka eginda dago, parkinsonak jota, eta erruki eske joan zaio azterketagileari. Bere paperetan irakurritako galderetan okerren bat dagoela argudiatzen dio etsita, agerian duen ipurdia ezin estaliz. Atzeko ilaran esertzen direnak —nagusiki Grezia,Irlanda eta Portugal— disimuluan barrez ari zaizkio kakati nagusiari. Izan ere, besterenzoritxarrak kontsolamendu gozoa baitakar norberarenak erremediorik ez duenean.Izan ere, umorea baita honez gero, hondoratzen ari den itsasontzitik salba lezaketenbakarra.
Espainiak, erdipurdikoen multzotik azken putzen koadrilara igorriko duten susmoz, ostrukarena egiten du. Italiak ere, hari lagun egitea joan beharko duelakoan, badaezpada lotsak ezkutatu. Frantziak, xaxatu. Alemaniak sasi-maistrarena…
Albistegiekin haluzinatu duen irakasleak higuina sentitu du, nazka ikaragarria, mundua gobernatu behar eta lardaskan ari diren ume koldar, berekoi eta gaizki heziek pena eman diotelako. Hauek arrastoan sartu nahi dituen zuzendari zigortzaileari (finantza sistemari, bankari, diruari) botere absolutuegia eman zaiolako. Lanik emango ote dioten eskolan gertatzen den bezala, haren kontra altxatzea alferrikakoa dirudielako.
Uda beteko (p)lana
Krisia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu