Iruñeko langile auzo batean dagoen pisu txikia da. Leihoak, komuna eta sukaldea berritu zituen jabeak hil baino hilabete batzuk lehenago. Ezkongabea zenez eta seme-alabarik ez zuenez, bere iloba bakarrari utzi zion pisu txikia. Ikasketak bukatu eta berehala Volkswagenen lanean hasi zen iloba eta pisura aldatu zen. Ezkondu zenean emaztea pisu horretara joan zen bizitzera, baina berehala erosi zuten atxikitako etxe bat Iruñea ondoko zendea batean. Bien soldatarekin aurre egingo zioten etxe berria erosteko maileguari pisu zaharra saldu gabe.
Urte gutxitan banandu egin ziren, ordea. Ama seme-alaben zaintzaz arduratuko zenez, txaletarekin geratu eta gizona pisu zaharrera bueltatuko zen. Bere traste guztiekin pisura gerturatu zenean, baina, balkoian arropa hedatua zegoela ohartu zen. Atea ezin izan zuen ireki, eta bizilagunei galdetu zien. Bazirela aste batzuk familia bat bizi zela esan zioten. Senar-emazteak eta hiru seme-alaba. Bizilagunak ez ziren arduratu, jabeak pisua ikasle batzuei alokatu zielako bolada batean eta oraingoan ere familia hori alokairuan egongo zela prentsatu zuten.
Salaketa jarri eta foruzainekin joan zen bere etxera hurrengo egunean. Etxekoek pisua alokatua zutela ziurtatzen zuten, ordura arte alokairua ordaintzen zutela, eta alokatze-kontratu bat erakutsi zieten. Ustez jabea zen pertsonaren izen-abizenak eta NAN agertzen ziren kontratuan, baina asmatuak ziren guztiak. Pisua okupatuta zegoen, ez alokatuta.
Ez zen batere erraza izan familia hura pisutik kanporatzea. Auzitara eraman behar izan zituen jabeak eta hilabeteak pasatu ziren pisua berreskuratu arte. Urtebeteko kalbarioa. Epaian jabeak kalte-ordainak jasoko zituela jasotzen zen, baina familia hark ez zeukan diru iturri garbirik eta ez zuen inoiz eurorik kobratu. Inoiz ez zuen jakin nor izan zen alokairua kobratu ziona familia hari. Izan ere, iruzurra ez zioten jabeari bakarrik egin, alokairuan zegoen familiari ere bai.
Larrepetit. Castillo Suarez
Alokairuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu