Hondamendiaren pilota Europako bazterrik bazter dabilela, sakea Grezian, botea Irlandan, Portugalgo bazterreko horma jo, ezinbesteko dirudi, doanera doala, Espainiatik igarotzea. Eta gure herrian egin diren gauza magikoetan magikoenetakoa abian jarri dugu bien bitartean, hego-ekialdetik ipar-ekialdera bidean gaur. Amesten dugun Euskal Herria irudikatzen dugu, errealitatea beste nonbait ostentzen dela jakin arren, irribarre asko eta malkoak ere bat baino gehiago ikusi ditugu errepide bazterrean.
Amesten dugun Euskal Herria irudikatzen dugu, lekukoaren atzetik denok batera bagindoaz legez; zer axola du euskara gogorren zigortzen duten lurraldean euskaltzaleak zatituta egotea hauteskundeetan? Zer axola auzi administratibo soila ei dena konpondu gabe egotea, eta Trebiñuko aintzira egotea gure mapan? Atea itxi ezinean bizkarra eman ziotenek besarkatu egiten dute gaur Korrika. Baina KO zegoen espainiar presidenteari hasieran egindako eskakizun-zerrendatik kanpo geratu zen azken Trebiñu, dena gogoratze aldera.
Hizkuntzaren aldeko magia bazterrik bazter eroan eta munduko txokoetara iritsi da, Txinako eta Australiako euskaldunek eta gaelikoaren bultzatzaileetara. Herri honetan egin diren ekimen magikoetan ederrenetakoa, esan dut, sentsibilitate pixka bat duen edozein liluratzeko lain.
Erriberatik Pirinioetara hedatzen den herria irudikatuko dugu gaur euskal ekialdean korrika, hizkuntzak presa duela adierazten, ez dugula astiro ibiltzerik. Hamazazpi aldiz aldarrikatu dugu 1980tik, eta gehiagotan ere beharko da, seguru. Hogeita hamaika urtez korrika Kantauritik Erriberara eta Pirinioetaraino jarraitu. Ia berrogei mila kilometro hogeita hamaika urtean. Asteazkenetik ostegunerako gauean Durangaldean sartuko da Korrika, eta hantxe izango daGatza, hogeita hamaika urteren ostean.
Larrepetit
Aztikerian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu