Henri Bergson filosofoak 1900ean idatzitako Barrea erreskatatu dut apalategitik, 1986ko edizio bat. Bartzelonan inprimatua. Tapa gogorreko liburu klasiko-elegante horietako bat da. Orriak horitu samar dauzka ja eta heze usaina, zahar usaina.
Goiko baldatik jaisteko ahaleginetan, neure artean pentsatzen ibili naiz nola liburuek gero eta espazio gutxiago okupatzen duten etxeetan. Gaur egun liburuak gordetzeak askorentzat ez al dauka pieza materialekiko fetitxismo puntu bat? Liburutegi bat izatearen plazera, ezagutza-mapa edo -inbentario propio bat izatearena. Irakurritakoaren memoria material eta egonkor bat gordetzea, guztia hain efimeroa den garaiotan. Liburu konkretu bat erreskatatzeak heroi zantzu batzuk izan ditzakeen arren, ekintza anakroniko bihurtzen ari ote den zalantza sortu zait (eta beldur apur bat ere bai). Susmatu dut, eduki literarioa baino, ez ote den alea edo produktua bera zentzu estetiko eta fisikoan erromantizatzeko keinu bat. Jakintzak, egun, gero eta toki ukigarri gutxiago okupatzen baitu geure altzarietan; eta agian geure buruetan ere bai, txatbotak hasi baitzaizkigu sintesi lanak egiten, eta hainbati traba egiten dio hainbeste orri inprimatuk. Baina hori beste kontu bat da. Barrearena kontatzera nentorren…
Bergsonek komikotasunaren hausnarketa filosofikoa egin zuen XX. mende hasieran, liburu oso bat barreari dedikatzeraino. Erakargarria iruditzen zait, bere horretan, barrearen analisia. Noiz, non eta zergatik irteten zaigun irria. Zerk eta nork eragiten digun. Plazeraren liberazio kimikoez haratago, zer mekanismo psikosozial dagoen algara baten atzean.
Hizkuntzaren komikotasunaz mintzo den kapituluan paratu naiz. Nola lot daitezke lengoaia eta barrea? Nobel saridunarentzat sormen-intuizioak zerikusia du nolabaiteko pentsaera dramatikoarekin. Alegia, sortzaileak ideiak sinbolo indiferentetzat erabili beharrean; ikusi, entzun eta, batez ere, kontzeptuak dialogoan jartzen ditu pertsonaiak balira bezala. Hitza nolabait eszenaratu egiten du. Polita da hausnarketa.
Komikotasunak hizkuntzaren mekanismoak bistaratzen ditu; rolak eta hierarkiak larrugorritan uzten. Eta jendeari molestatu egiten dio horrek, ez baikaude eroso ezarritako komunikazio-kodeetatik at
Zera dio: «Edozein sortzailek du poetatik zerbait, irakurle onek komediantetik zerbait duten bezala».
Hizkera arruntak funtzional eta aurreikusgarri izateari uzten dio; logika komunaren marko hertsitik atera eta hitzak aktibatzeko. Egoaren mugak esploratzen ditu, erridikuluarenak, zentzuaren kortsea askatzen du dialektika mainstream-aspergarria zirikatzeko. Imitazioa, tonua, karikatura, absurdoa. Hitzei dagokien kontestua distortsionatzen du. Espero denaren antonimoa. Adibidez, giro instituzionaletan (non hizkuntza zorrozki erregulatutako marko serioen baitan kokatzen den) umoreak ez dauka ia kabidarik.
Azterketa garaia da. Nork ez du hitz-isiltasun ezarri eta erregulatuaren arteko tentsio basatia errausteko tentaziorik izan? Espero den ordena nola edo hala pikutara bidaltzeko keinuren bat egitekoa? Lekuz kanpoko zarataren bat? Puzkertxo tonto bat? Eztul esajeraturik? Mugimendu desegokirik?
Eta gero barre,
barre,
barre,
lehertu arte.
Komikotasunak hizkuntzaren mekanismoak bistaratzen ditu; rolak eta hierarkiak larrugorritan uzten. Eta jendeari molestatu egiten dio horrek, ez baikaude eroso ezarritako komunikazio-kodeetatik at. Horra boterearen eta umorearen arteko harreman zaharra: batek ordena finkatu nahi du, besteak haren zirrikituak erakutsi. Eta gainera gozamen eta plazer ariketa ederra da, horregatik maite dut hainbeste.
Barrea itzuli dut apalategira.