Larrepetit. Irati Elorrieta

Bikoteak

2010eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Berlinen elurra sartzen da etxera leihoa zabaltzean, hemen Ganekogorta ikusten da elurtuta, inguruko beste mendiak elur orbanekin zipriztinduta. 30 graduko ezberdintasuna Berlin eta Bilbo artean. Konparazioz, Karibean gaudela iruditzen zaigu.

Hondartzara joan gara itsasoa ikustera, eta azken jaitsieran bi auto etorri zaizkigu atzetik, leihoak zabalik eta musika ozen zutela. Harea hasi aurreko partzelan geratu dira bata bestearen parean. Paseoa bukatu dugunean bi autoetako jabeak ikusi ditugu, bakoitza bere auto barruan eserita, elkarrekin berbetan. Guk ez dugu geure burua oso nagusitzat jotzen, baina gazte hauen egiteko modua ulergaitza egin zaigu. Agian autoa aldean duten beste geruza bat gehiago da eta jaka erantzi ez duten bezala, ez dira autotik irten. Bi barraskiloak beren oskol barrutik elkarrizketan.

Oskolik sentitu gabe, gorantz jarraitu dugu eta aldapan behera skate-park-era patin gainean zetozen aita-semeei begira geratu gara. Hauek bazuten oskol bat inguruan, ikusezina baina sumatu egiten zena, bat biontzat. Edo bi oskol, baina momentu hartan, bat osatzeko elkartuta. Hori gozamena, pentsatu dugu, aitarekin patinean ibiltzera joatea! Mutikoarentzat guztiz naturala izango da, aitarekin horrela ibiltzea, ezin baitu kontzientziarik izan, gurasoekin patin gainean dabilen lehen belaunaldia dela.

Burura etorri zait, oskol bila etortzen ginela umetan amarekin hondartza honetara. Oskolak baino gehiago, harriak biltzen genituen. Garai hartan harrizkoa zen hondartza hondakinez beteta egoten zen. Harea ekarri zuten gero beste hondartza batzuetatik.

Hileta batera joango gara gero. Amak umeari azaldu dio Bizkor txakurra etorri dela aitonaren bila. Aitonak eta Bizkor-ek asko paseatu dute biak bizirik zeudenean. Baina gorputzaren oskolak ez du betirako irauten eta bizitza eta heriotza banatu ezineko bikotea dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.