Kolonbiakoa da M. Zerbitzari lanetan aritzen da Londresko kafe-etxe batean. Duela hamar urte iritsi zen hona, hemeretzi urte zituen orduan. Etxeko egoera ikusita, kanpora joatea izango zela berarentzat hoberena esan zioten gurasoek; Londresen zituen osaba-izeben etxera joan zitekeela, han aukera gehiago izango zituela eta bizitza hobeago bat eraiki ahal izango zuela.
«Zeure burua ezagutzeko eta zure herria gehiago maitatzeko joan zaitez kanpora. Baina, mesedez, ez ahaztu hemen uzten duzunaz», hori izan omen zen bere amak agurtzerakoan eskatu ziona. «Orduan ez nuen ulertzen urrunera joanda nola ezagutuko nuen gertukoa; bakarrik egonda nola ezagutuko nuen neure burua», esan zidan M-k behin.
Lau urte daramatza Kolonbiara itzuli gabe, baina aurten, Eguberrietan, bisitan joateko hegazkin txartela erosi du. Pozik dagoela esan dit, baina beldurra edo errespetu moduko bat ematen diola, denbora asko pasatu delako azkenengoz bertan izan zenetik. «Ni aldatu egin naiz. Hangoak aldatu egin dira. Nire herria aldatu egin da. Guztia aldatu da. Esan nahiko nizkiekeen hainbeste gauza ditut barruan gordeta. Baina ez dakit oraingoan esaten ausartuko naizen; akaso ez delako une egokia izango, edo ez direlako entzuteko aldartean egongo, agian ez nautelako ulertuko, edo, besterik gabe, ez zaielako interesatuko. Inoiz esan gabeko hitzekin berriro Londresa itzultzeak ematen dit beldurra. Ez dakit-eta berriro ikusiko ditudan. Maite nituen asko eraman ditu heriotzak hemen nengoen bitartean. Eta beraien argazkiekin gelditu naiz, argazki hutsalekin. Ez al da benetan tristea?».
Gogoeta interesgarria iruditu zait M-rena. Bere hitzak zutabe batean gordeko nituela agindu diot.
Deserriko gogoetak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu