Euri zaparrada hark bat-batean harrapatu gintuen, poltsa pisutsuak eskuan. Taxia hartu genuen, blai eginda. Eseri, ateak itxi eta elkarri begiratu genion berehala. Irratiko esatariaren iritziek aztoratu gintuzten: ezker abertzaleko kideak=terroristak logikaren haritik egiten zuen tira, mesprezu tonu argiarekin. Gidariari gelditzeko eskatu zion amak: «Ez dut zertan halakorik entzun». Gertaturikoa kontatzean, honelako leloak egiten zituen bere jendeak: «ez zuen merezi halakorik», «zer errespetu falta taxia geldiaraztea»…
Etxera heltzerakoan, Facebookeko kontura jo nuen, lagunek zer berri. Facebooken kuxkuxean nenbilela, berriro ere aztoratu ninduten beste iritzi batzuekin egin nuen topo. Facebook-lagun batek esteka bat zuen jarrita, gustuko omen, gainera. Iritzi-testu hark emakume borroken estetikaz jarduten zuen; zehazki, pertsona horien ilea eta orrazkera zen barregarri uzten, zakarra zelakoan. Halako orrazkera izan dut nik inoiz, baita ahizpek ere; hortaz, ezin testua hotzean hartu. Espazio publikoan ez ezik, espazio pribatuagoan ere halako iritziak jaso behar izateak mindu ninduen. Hortaz, espazio hori are pribatuago egitea erabaki nuen, hogeita hamar bat lagunetara murriztuz. Antzeko leloak entzun behar ordukoan ere: «ez zuen merezi halakorik», «horrelako txikikeria bategatik…».
Astebetera-edo, bideo sexista bat jaso nuen Whatsapp talde batean, txiste bat omen, emakumeak barregarri uzten. Talde hartako lagunei ere mezu bat bidali nien, nire haserrea adieraziz. Leloa kolpeka: «ez zuen merezi halakorik», «ez da hainbesterako», «taldeko batzuk mindu dituzu»… Giro ona ez hondatzea omen helburua. Errespetua eskatzea ez da egokitzat hartu ohi, bizikidetza gaiztotuko duelakoan. Errespetu faltaren seinale bihurtu da sarri errespetua galdegitearen ekintza bera. Amarru on.

Larrepetit
Errespetu eskaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu