Eskerrik asko, umeen partez» amaitu zuen elkarrizketa Andreu Buenafuentek, eta ez zituen eskerrak bere alabei eginiko opari bat zela-eta ematen; elkarrizketatuak, Johan Cruyffek futbolariak hezteko erakundea du, zeinetan, beste gauza askoren artean, ez dakit nongo umeak hartzen dituen, gainerakoan, azaldu zuen, gutxienez beren bizitzan behin bortxatzen dituzten umeak. Eta aurkezleak beraien partez eskerrak emateko atrebimendua izan zuen.
Urrundik hitz egiten da, beraien partez hitza hartuz askotan, tertulia eta iritzigileak oro har, langabeaz, beraiena baino lanbide prosaikoagoa duten langileez, pobreez, etorkinez... «ez dugu ahaztu behar hitz egin dugun horren guztiaren atzean pertsonak daudela», zehaztu behar izaten da, egia baita; batzuetan fruta kaxei buruz ari direla ematen du, «gehiegi zarete denak ondo bizitzeko».
Rosa Aguilarri ministro egin dutela-eta elkarrizketa asko egin diote, gobernuak ezkerrari egin nahi izan dion keinutzat, Izquierda Unidako militante izan denez; ezkerrari keinu bat bazen cariño keinua zela esan zuen, eta baietz, bera ezkertiarra dela, baina arduratsua.
Arduratsua: ezkertiar izatea sistema kapitalista ondo doanean enpresak entreteni gaitezen uzten dizkigun esparruak gestionatzean datza, baina krisiak iristen direnean, orduan ez, orduan ezkertiar jarraitzea umezaroa lar luzatu nahi izatea da, agian ez ulertu izanagatik jostailuak kendu egingo zizkigutela. Gabonetan Olentzero xuhurrago etorriko dela iragartzen duen gurasoaren pena aurpegiz.
Arduratsu bihurtzen dira ezkertiar antzeztuz postu ona lortu eta krisia lasai pasatzeko lekuan daudenak, arduratsu izatea eskuindar izatea izanik, ongizatea beraiek bana dezaketen zerbait denez; gero elkarri eskerrak emango dizkiote langile/langabearen alde egiten duten guztiagatik, guri eskerrak emateko hotsa emanik agian guztiz arduragabe, popatik hartzera bidaliko baikenituzke, edo bortxatu behar bagaituzte, gutxienez prezioa igotzeko eskatu.
Eskerrik asko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu