Teherango futbol zelai handiena Azadi deitzen da, 120.000 pertsona sartzen dira harmailetan, izugarria da. Askatasuna esan nahi du persieraz azadi hitzak, nahiz eta guztiz kontrakoa den zerbait irudikatzen duen futbol zelaiaren kasuan;1979ko iraultza islamikoaren ondoren, emakumeei futbol zelaira sartzea debekatu zitzaien. Eta, hamar urte geroago, Ruhola Khomeinik ezarritako fatuan, emakumeek futbola telebistaz bakarrik ikusi ahal izango zutela berretsi zuen.
Hala ere, emakume asko lege tiraniko horiek desafiatzen saiatu dira behin baino gehiagotan, eta arropa zabalekin gorputzak estalita eta ile luzeak ezkutatuta, mutilak bailiran zelaira joaten dira futbol partidak ikustera. Irango selekzioa Munduko Koparako sailkatu zenean, emakume asko kalera atera ziren beraien eskubideak aldarrikatzera; eta, historian lehenengo aldiz, futbol zelaira salto egin zuten milaka emakumek. Baina, tamalez, oraindik legea ez dute aldatu eta emakumeei jarritako debekuak indarrean dirau.
Istorio hori kontatu didan lagun irandarra AEBetara doa lanera. Han bere izena aldatu beharko du, izen ingeles bat hartuz bere irandarraren ordez;pentsamolde itxiko pertsona askori irandar batekin negozioak egiten ari direla jakiteak ez dielako konfiantzarik emango eta, finean, gauzak errazagoak izango direlako Irandik datorrela azaltzen duten arrastorik erakusten ez badu.
Identitate berri bat sortu beharrak ez duen kezkatzen galdetu diot, egunero nongoa den ezkutatu beharrak ezinegonik ez dion sortzen. Antzeko egoeretara ohituta dagoelaesan dit, eta ez deserrian bakarrik, baita bere herrian bertan ere; futbol zelaira joaten diren emakumeen analogia aipatu dit orduan: «Denok gauza beraren bila goaz; askatasuna bilatzen dugu, legeetatik ihesi; geure bizitza eraiki nahi dugu, guk nahi dugun bezalakoa izan dadin; ez gara guztiz ezkutatzen,baina gauza batzuk estali beharrean gaude. Ez dugu besterik ikusi jaio ginenetik».
LARREPETIT
Estalita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu