Kanpotik begiratuta —eta gaiari kanpotik begiratzen diote biztanleen %99k— irudia da ezker abertzaleak eta Eusko Alkartasunak ahalegina egin dutela eta Aralarrek ateak itxi dizkiola. Horrela izan zein ez, irudi hori geratu dela esango nuke. Politikariek endogamiaren arriskua izaten dute, tributik atera eta kaleko benetako giroa ezin hartu, erregea biluzik dagoela esango dien inor ezin aurkitu. Aralarreko adiskide gehienak penaz ikusi ditut; zuzendaritzarekiko amorruz batzuk, asko; ezker abertzalearekiko mesfidati beste batzuk («betiko prepotentziarekin nagusitu nahi izan dute»); baina, batez ere, atsekabetuta. Galdu dugu tren bat, eta ez dugu espainiar edo frantsesik behar izan galtzeko. Bihar miraria gertatu eta denok trenera igoko bagina ere, ezinezko da jadanik ilusiozko abiadurarik hartzea.
Abertzaleak haserre daude. Eta kezkagarria, beldurgarria da itxaropena eta ilusioa gailendu behar diren uneetan, prozesuaren ia hastapenean, zure jendea haserretzea. Abertzaleak haserre, eta mende osoa zapaltzen, umiliatzen, fusilatzen, hizkuntza ezabatzen eman duten kuneteroak pozarren. Horixe errealitatea. Ez dut esango berdin denik norena den errua. Baina espainiarrak batzeko gai badira, espainolen meritu, eta euskal abertzaleak batzeko gai ez badira, abertzaleen erru. Bost axola abertzale zuri, gorri edo larroxena. Ez dira gai izan eseri eta esateko «arazoak arazoak, ez gara jaikiko akordioa lortu arte».
Esperientziaren bat badaukat, hori da elkar hartutako herriek bakarrik lortzen dituztela helburuak. Irakeko PUK eta KDP alderdietako kurduak elkar hiltzen ibili ziren duela 15 urte, eta nork bere alderdian gotortuta jarraitzen du, baina fronte bakarra daukate Bagdaden. Politikari abertzaleok, erakutsi duzue zuen inkonpetentzia. Nafar botoemaileen txanda da, eta nik argi esango nieke: edo etxeko lanak egin, edo etxean geratuko naiz. Bihar bertan Euskaldunan has zaitezkete lanean. Hoberako izango da, okerrago ezin da eta.
Larrepetit
Etsaia, pozik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu