Larrepetit

Etxea, mundua

2011ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Etxean zaude, gosaltzen duzun bitartean irratia entzuten. Etxean zaude langabezian zaudelako, egun librea duzulako, etxetik lan egiten duzulako, beste ordutegi bat duzulako... Ez diozu inori azaldu behar zergatik. Sukaldeko behearibegiratua eman eta erratza pasatzeko moduan dagoela iruditu zaizu, baina erratza eskuan duzula, bart garbigailua jarri eta arropa eseki gabe lotara joan zinela gogoratu duzu eta, lehenik eta behin, ximur-ximur eginda egon behar duten jantziak zabalduko dituzula erabaki duzu. Komunera abiatu zara eta, han zaudela, libratzeko premiak atzeman zaitu. Bukatzean, kateari tiratu eta urak gainezka egin du hodia eta zisterna elkartzen diren lekuan; madarikazioka, sukaldera zoaz zoru-garbigailua zeureganatzera eta eguneko bigarren kafeak borborrean makinatik at jauzika agurtu zaitu. Etxea zure gainera erori aurretik, egizu ospa! Irten haizea hartzera. Hori bai, bueltan hor izango dituzu hondakinak, putzuak, orbanak eta usain txarrak.

Bestela ere egin dezake aurrera goizak. Sakatu dezagun Reset botoia eta hasierako momentu hori berreskuratu: Etxean zaude, gosaltzen duzun bitartean irratia entzuten. Irratiko berriemaile eta adituen hitzen mende geratu zara; kateatzen dituzten, kateatzen ari diren gertakari globalen eragin esponentzialen uholdean alderrai, arnasa hartzeko betarik gabe. Euroaren krisiari eman beharreko erantzunaren estrategiaren zain geundela, larriago bihurtu zen Libiako egoerari aurre egingo zion estrategia adostea eta, horretan zeudela, Japoniako lurrikara eta tsunamia nagusitu ziren, katastrofe nuklearrak itzala egin zien arte. Sentitu duzu kanpokomundua gehiegi dela, munduak gain egiten digula, gainera jausten ari zaigula. Oraingoz dugun bizileku bakarra den arren, bizi-ezin egiten dugu aldatzeko asmorik ez duen gure bizimoduarekin. Azkar, non dauka munduak Reset botoia?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.