Egipto eta Tunisiaren ondotik, Bahrainera eta Libiara hedatu dira protestak eta errepresioa. Iranek urte eta erdi darama errepresioan, eta urtarrilean pertsona bat urkatu dute zortzi ordurik behin. Baina protestak piztu, hala ere. Hego Kurdistango demokrazia homologatua ez dela hain homologagarri ere salatu dute Suleimanian. Eta amazigh aktibistek ia egunero bidaltzen dizkigute mezuak kazetarioi, Marokora ere helduko dena iragartzen.
Euskal Herrian ere kalera jo dute milaka lagunek. Ez ogi eske, baina bai oinarrizko eskubideen alde, bozkatzea kasu. Ideien borrokan erraz gailentzen gatzaizkio inperioari, baina besterik da herritarren babesa behar bezala bildu eta bideratzea. Hor lan handia dago egiteko, eta gidoia behar bezala betetzen ari bada ere, etsigarria da Nafarroako gidoiak abertzale zatiketa zekarrela ikustea —bidenabar, ziur ote daude egin duten apustuan? Duela lau urte bigarren indarra zena bosgarren geratuko balitz, UPN, PSN, ezker abertzalearen eta PPren atzetik, etxera joan beharko lukete porrotaren arduradunek—. Eta esanguratsua Javier Izkoren urduritasuna euskarazko adierazpenen aurrean, aste berean Kataluniako adierazpenak entzuten dituzula.
Nork bere bidea egin behar du. Baina entrenatzaile katalanak bertan behera uzten du prentsaurrekoa jazarpen hispanikoaren aurrean, eta Javier Izkok gaztelaniara itzultzera behartzen du Mendilibar. Eta TV3en seinalea Valentziatik desagertzeaz bat, protesta andana eta ziberaktibisten eraso antolatua. Nafarroan joan zen euskarazko telebista, baina inori ez dio ardura —salbuespena, eskerrik asko, Sakanako Hamaikako ikusleei—. Eta Izkok eginda haserretu bai, baina ez gara harritzen. Eta orduan jabetzen gara Brian Currinen taldeko profilak erdara hutsez helarazi dizkigutela kazetarioi. Eta Sorturen estatutuak ere gaztelania hutsez baino ez daudela irakurgai. Arnaldo Otegiren azken gutuna gaztelaniaz eta ingelesez baino ez. Egunen batean euskaraz egingo dugu lan. Edo ez.
Larrepetit
Ez hain urrun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu