Erlauntzen galera misteriotsuak mundu guztian zehar gertatu dira azken urteetan. Gaur arte, erle globalizatuaren heriotza masiboak ez du azalpenik. Edo azalpen posible anitz ditu. Xehetasunetan sartu gabe: erleen gaixotasun bitxia gizakiak naturarekin duen desorekaren beste sintoma bat da.
Tankera honetako loturen jakinaren gainean dagoenak, asmo politiko zolia sumatuko du, batez ere poesiaz eta emozioz betetako filmean ere. Semih Kaplanoglus turkiarraren Bal (Eztia) desagertzeko zorian dauden Itsaso Beltzeko kostaldeko baso eta haranetan filmatuta dago. Basoan erlauntzak dituen pertsonaiarentzat, eztia faltan egoten hasten denean, existentziaren oinarria da kolokan jartzen dena. Eta ezinbestean agertzen da alegoria.
Basoan sartzen gara erlezainarekin eta haren semearekin, eta bion arteko harremana bizi dugu umearen ikuspuntutik. Umearen barne mundu sakon eta ilunetik. Denbora eskatzen duten irudiak deskubritzen ditugu haurraren egunerokoan: Ilargiaren isla urez betetako balde batean mugitzen; umearen atzamarrak miniaturazko ilargiarekin jolasten. Gure zentzumenak zorroztu dira, eta pantailako munduan murgilduta gaude, basoak beste baten ametsean sartzeko aukera eman baligu bezala. Hori da azken batean zinema onak eskaintzen duen aukera. Gidoiak ez dionean inori hortzik erakutsi behar, muntaiak ez duenean abiadura eta efektuen bitarteko mirespena bilatzen eta istorioa ez denean norabide batean estutzen, orduan, irudiek eta, beraz, zinemak, hartzen dute indarra.
Haurraren -haurren?- barne munduaren eta kanpoko munduaren arteko danbatekoa, itzela da.
Eztiaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu