Larrepetit

Fidatuz

UXUE APAOLAZA
2011ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Itsua zen eta Metroko bagoiari ari zen bastoiaz joz, atea zabalik, eta bera noiz irekiko zen zain. Denbora gutxi zegoen ateak atzera isterako, eta, ezer esan gabe, sorbaldetatik heldu eta mugitu nuen ezkerretara. «¡Ei, gracias!», entzun nuen ateak isten zirela. Ez da lehenengo aldia itsu den bati abisatu gabe «laguntzen» diodala, eta maizago ikusi dut egiten; sorbaldetatik hartu eta zuzendu. Bagoi aurreko gizonak motxila bat zeraman, lapur niezaiokeen, bultza, baina gizona guztiz fidatu zen nirekin, asaldatu gabe barre egin zuen eta gero «¡Gracias!» ozenaz agurtu ninduen. Pobreak egozten tematurik den udalak zuzentzen duen hirian, suburbanoak giro berezia sortzen du, edo sortzen dit.

Eztarria lehortu eta arnas gabe geratzen ginenean ez zen gure paranoia, Madrilen zigarro keak baino gehiago kutsatzen omen dute kotxeek. Dos de Mayo plazan zerbeza bat hartuz ari nintzela lasterka pixka bat egitera gonbidatu ninduten nire adinean polizia agertzen hasi zenean; drogak dantzaleku itxietan ordaindu behar dira. Orain kaleko musikariei lizentzia eskatuko diete, ongizate akustikoa bizirautearen aurretik, eta eskaleak ikus ez daitezen ere egin dituzte berenak, zenbait kexu hala ere, denak kendu ez dituztenez. Etxetik irtetean egunetako zikinkeriekin topo egiten dugu aberatsak bizi ez diren auzoetakook, izan ere, gero eta kale garbitzaile gutxiago dago guretzat, nahiz Madrileko pijo guztien okak izan topatzen ditugunak, prostitutak bota eta Malasaña gero eta modernoagoa denez gainera moda dendaz bete eta Kebabak egiten dituen libanesari lana kenduz, beste tipologia batekoak gara bere negozio —orain ez zaizkio pareko antzokitik deskantsura irteten diren erretzaileak ere sartzen—.

Hala ere, iristen gara metrora, eta arnas hartzen dugu; Madril desastre bat izango da, baina jende onak —ere/ batez ere— habitatzen du, kontrakoa fotografiatu arren, gogorra delako jaikitzea, milioika garelako —ez denok ezagutzen dugu elkar herri bat— eta hala ere, batzuk, fidatu egiten direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.