Zihara Enbeita.
LARREPETIT

Gehiegi nahastea

2015eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Bartzelonako gertakarien ostean bideo joko eta zenbait telesairen edukiak izan dira berbagai hainbat medioren sentsazionalismo gosearen harira. Gure herriko dendari batek ere atera du gaia. Ez duela zentzurik erruduntzat bideo jokoak hartzeak. Bideo jokoetan dabilenak badakiela zer den errealitatea eta zer ez. Are gehiago, askoren ustearen kontra bideo jokoek kalte baino bertute gehiago dituztela. Burmuinaren plastizitatea areagotzen dutela. Koordinazioa lantzeko onak direla, besteak beste. Gauza bi aldi berean egiteko gaitasuna dutela... Eta norbera, bideo jokoak ezagutzen ez dituenez, isilik.

Bartzelonako kasuan arazoa bestelakoa dela diosta. Atzean bestelako kontuak daudela. Ez bideo joko ez agerraldi psikotiko. Egia dela hala ere biolentziak presentzia handia duela. Baita telebistako albistegietan ere. Eta biolentzia bestelako hainbat telebista programatakoa ere badela dio. Izen batzuk ere bota ditu, gure publizitaterik merezi ez dutenak. Ea nor kezkatzen den gizonezkoak emakumezkoen gainetik jartzen dituzten telebista saio horiez. Emakumea objektu legez agertzen duten gustu txarreko hainbat telebista saioz. Emakumeen kontrako indarkeria sustatzen duten saioez. Ea hori ez al den biolentzia. Horiek ere eduki biolentoak direla.

Horretan bai, bat etorri gara. Eta era horretako programen audientzia zein den ikusita, badugu kezkatzeko motiborik. Gure inguruan ere «barre apur bat egiteko» ikusten dituzte askok, arratsalde pasa. Saio horiek direla-eta biolentziaz berba egitea askotxu dela esango digute. Ezin omen dira era horretako konparazioak egin. Gauzak lekutik ateratzea omen. Saio horietan zabaltzen den emakumearen irudia hildako emakumeekin, bortxatutako emakumeekin, tratu txarren biktima diren emakumeekin nahastea ez dela justua. Gehiegi nahastea omen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.