Gidoiaz hitz egin izan dugu askotan. Normala ere bada, bidea markatu samar izatea prozesu zail eta konplexuaren hasieran, estreinako urratsak gutxienez. Baina noski, denborak aurrera egin eta ikuskizuna konplexuago bihurtu ahala, hasierako gidoiko aurreikuspenak doitzeko unea izaten da. Eta, hala ere, iragarritakoa betetzen ari den susmoa dut.
Ezagutu dugu behingoan Espainiako Auzitegi Goreneko epaia, legeztatzearen aldeko zazpi botoak eta horien argudioak. Pentsatzekoa da baietz, Auzitegi Konstituzionaleko galbahea pasako duela Sortuk, baina galdera beste bat da noski, ebazpena garaiz iritsiko ote den udal hauteskundeetarako joateko. Osterantzean, Antonio Basagoitik aldarrikatutako berrogeialdia ezarriko baita praktikan. Badira egun batzuk espainiar aginteaz zerbait baino gehiago jakin ohi duen El País-eko kazetariak iragarri zuela: «agian ulertzekoa da B plana izatea hauteskundeetarako, baina horrek iruzur asmoaren argudioa indartuko luke; aldiz, karta bakarra Sortu eta Konstituzionalaren artean geratukobalitz, dena litzateke argiagoa, baina ulertzen dut arriskutsuegia izan daitekeela». Harrapazank!
Iragarritakoa zirudien, halaber, Nafarroan bi proposamen abertzale egotea maiatzean. Eta hori da tristeena, ziur aski, gidoian aurreikusita zegoela. Asteon ikuskizunak erdietsi duen maila, izenagatik borrokan, abertzaletasunaren une patetiko eta lotsagarrien antologian gordeko dugu. Nekez irudikatuko zuen Yolanda Barcinak lehendakaritzarako bide errazagorik. Baina horixe da 2011ko abertzaletasuna, «las tres cajas vascas» irakurri dugu erdarazko bi egunkari abertzaleetan, eta «nuestra comunidad» zerabilen EBBk ostiraleko oharrean. Garaikoetxeari entzun nion astelehenean, kutxen fusioan Nafarroaren tamala zeukala aspaldikoa zirudien solas erromantikoan.
Zapatero badoa, eta Raxoiren aurrean nork galdu erabaki behar du PSOEk. Espero dut gidoian PPren gehiengo absolutua ere aurreikusita egotea.
Larrepetit
Gidoia nahaspilatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu