Larrepetit

Gure zatia

2011ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Eguazten gauak mila eta bostehun urteko kartzela zigorra duen lagun baten amarekin berbetan aurkitu ninduen. Ardo baten inguruan, bizitzak transformatzen dituen gaiari tiraka. Zein txikiak garen irribarrea ahotik kentzen ez duten sufrimenduaren amen aurrean.

Egungo norabideagatik itaunduta, arin bota nion Espartzaren «ahí se queda Lerín».Begiak izotz bihurtu zitzaizkion eta ezer esan barik ulerrarazi zidan bere semea sekula ez dela Lerinetik erretiratu. Eta joan aurretik ere bazekiela etsaiak bi mila baino askoz gehiago izango zirela. Txarto egin nuen lo eguaztenean.

Izan ere, aski da gertatzen zaizkigun gauza guztien zergatia kanpoko faktoreetan bilatzeaz. Egoera honetara ez gaitu soilik etsaiaren indarrak ekarri. Onar dezagun behingoz gure zatia, inoiz Lerin berreskuratu gura badugu behintzat.

Soldaduari gerra besterik ezin zaio eskatu. Baina mintza gaitezen proiektu politiko izatetik errepresioaren aurkako mugimendu soil izatera eroan gaituen inertziaz, agenda politikoko gaien %90en aurreko jarrera definitu ezaz, konponbide aukeren aurrean herri bezala pentsatu ezin eta siglak errentabilizatu nahiaz, estrukturalki independentea eta kaleko iritziaren transmisore zein grabitate zentro behar zuenegituraren akritizismo eta erabakiguneen inexistentziaz, nola oldartu gintzaizkion askatu nahi genuen herriari «sufrimendua sozializatzeko», zergatik baztertu genituen sistematikoki gure kiderik gaituenetako asko zalantza gehiegi zituztelako. Zergatik ez dagoen 70eko hamarkadatik gure borroka tresnen zergatia azaltzen duen teorizazio lanik. Zergatik uniformizatu ginen estetikoki eta tribu sozial bihurtu, nola arraio bizi garen getthoan eta pozik. Zelan bihurtu genituen etsai «gu» ez beste denak. Zergatik nahiago izan genuen Mayor Oreja Ibarretxe baino. Zenbat txiringito eraiki ditugun jendeari aurpegia jartzeko eskatu eta gero euren iritziaz paso egiteko.

Tresna berriak diogunean soilik gudariez gabiltzala uste badugu, gureak egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.